XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

C) SORRERA HISTORIKOA.

Mendebaleko filosofiak, dudarik gabe, Grezia du bere sorburua.

Baina helendar filosofia Ekialdeko, bereziki Egypto-ko, doktrina erlijioso-filosofikoen menpean ala ez jaio ote zeneko arazoa oraindik eztabaidan dago.

Eraginik egon zela, hori badakigu, jakin; zenbaterainokoak, hori ez.

Nolanahi ere, nahiz eta filosofiaren historian Mendebaleko filosofiara mugatzeko ohitura egon, esan beharra dago Asia-n ere izan direla eskola filosofiko garrantzitsu batzu, sarritan erlijio-tradizioari hertsiki atxekiak, baina autonomia propioz hornituak.

Asia-ko erlijio handiak (konfuzionismoa, taoismoa, hinduismoa, budismoa) batzutan, zenbait garai edo eskola jakinetan, doktrina filosofiko gisa gehiago azaltzen dira doktrina propioki erlijioso baino.

Gizonak bere inguruan daukan munduaz galderak egiteari ekiten dionean agertzen da filosofia Grezia-n.

Gizona ikusten, entzuten, ukitzen, dastatzen eta usaintzen duenaz astindurik sentitzen da.

Behatzen dituen gauza guzti horien aurrean, berorien arrazoia aurkitularria sortzen zaio, beraien barrua arakatu nahia.

Zer ote dira gauzak beren barruan?.

Era askotakoak izan ziren greziarrek galdera horri eman zizkioten erantzunak.

Jakintza filosofikoa, Hesiodo-rekin, k. a. VIII. mendean, jainkoez arduratzen da batik bat.

Jonia-ko eskola fisikoak (Tale, Anaximandro, Anaximene), k.a.VI. mendean, Izadia edo Physis ean aurkitzen du gauza guztien lehen-ekai bakar eta unibertsala: ura, apéiron, eguratsa.

Eskola pitagorikoak, Italia-ko Hegoaldean, Krotona-n, k.a.VI. eta V. mendeetan, munduaren funtsa zenbaki eta harremanen bidez explikatzen du, hots, erantzun matematikoa eta logikoa ematen du.

Elea-ko Eskolak (Parmenide) eta Efeso-ko Heraklito-k, berriz, k.a. VI. eta V. mendeetan, Physisean hutsegiteke den hori, izaki hori, aurkitzen du, hots, Logos edo diskurtsu arrazoitua eta Nous edo adimena.

Filosofiaren sistematizazioa geroago etorriko da, Aristotele-rekin hain zuzen, k.a IV. mendean.

Baina hemen, filosofiaren sorrerari gagozkiola, azpimarkagarriena hauxe da: lehen pentsatzaileak, ia guztiak, ados zetozela mito erlijiosoa (kosmogonia) baztertu eta horren lekuan arrazoia jartzearen puntuan.

Greziar filosofoak izan ziren mundua eta gizona, ideia erlijiosoak baztertu gabe, arrazoi-bidez explikatzen ahalegindu ziren lehenak.